BERRIAn elkarrizketa Alejandro Cao de Benos-ekin
«Armistizioa uztea nahiko erabaki atzeraezina da, erabatekoa ez errateagatik»
Ipar Koreako sistema politikoarekin erabat engaiatuta dago Cao de Benos komunista kataluniarra. Penintsula azken hiru urteotako tentsio aldi larriena pairatzen ari dela dio, eta AEBei leporatu die hori.
Ipar Koreak Mendebaldean duen ahotsa da Alejandro Cao de Benos (Tarragona, Herrialde Katalanak, 1974). Nerabezaroan hasi zen erakunde komunistetan militatzen, eta jardun horren bidez Madrilen bizi ziren Ipar Koreako diplomatiko batzuk ezagutu zituen. Harreman horrek munduko herrialde itxienetako baten ateak ireki zizkion. Koreako Herri Errepublikak atzerriarekiko kultura harremanetarako duen batzordearen ordezkari berezia da. Urrian itzuli zen Ipar Koreara egindako azken bidaiatik. Ordutik, «gelditu gabe» ibili da nazioartean hitzaldiak eta elkarrizketak eskainiz. «Gaur egun interes handia dago han gertatzen ari dena bertze ahots batekin aditzeko». Ibili horrek Euskal Herrira ere ekarri du, Koreako Laguntasun Elkartearen eskutik. Donostiako Egia auzoko kultur etxean izan zen atzo; gaur, Bilbon egonen da (La Bolsa gizarte zentroa, 11:30), eta, bihar, Iruñean (Errotaberri Elkartea, 18:00). Bi aste barru berriz ere Ipar Koreara joatekoa da.
Azken egunotan tentsioa anitz hazi dela dirudi. Ze egoera aurkituko duzula espero duzu?
Azken hiru urteotako tentsio aldi larriena da. Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak zigor gehiago ezarri dizkio errepublikari, eta ez gara besoak gurutzatuta geldituko. Lehenik, desnuklearizaziorako sei aldeko elkarrizketak bukatutzat eman ditugu; Ipar Korea ez da desnuklearizatuko, AEBek ustez elkarrizketa nahi dutelako, baina gero presio egiten baitigute, kasu honetan Nazio Batuen bidez. Eta bigarrenik, zigorrei erantzunez armistizioa bertan behera utzi dugu. Horrek ez du erran nahi soilik AEBekin ofizialki gerran gaudela, baita ere gune desmilitarizatuak existitzeari utzi diola. Orain soilik iparraldea eta hegoaldea bereizten dituen muga dago. Horrek gatazka lehertzea ekar dezake. Izan ere, AEBak ariketa militarrak egiten ari dira orain, hegazkinontziekin eta arma nuklearrekin; iparraldera tiro eginen balute, erantzunak erabateko gerra sorraraziko luke.
Hego Koreak eta NBEk diote, baina, armistizioa ezin duela alde bakar batek bertan behera utzi.
Horrek ez du zentzurik. Kontratu bat badago, eta alde batek erabakitzen badu kontratu horrek ez duela baliorik, erabilgarri izateari uzten dio. AEBek sistematikoki urratu dute armistizioa. Gerraren ondoren, penintsularen mendebaldeko itsasoan AEBek alde bakarrez ezarri zuten muga, eta ez da inoiz negoziatu ez armistizioan, ez Ipar Korearekin. Eta hor dago tentsio gune handiena. Mugak nahi eran ezarri zituztelako, akordio hori mila bider utzi dute baliorik gabe. Hitzarmen zaharregia da, eta bake akordio batek ordezkatu beharko luke.
Hego Koreako Yonhap agentziaren arabera, azken hemeretzi urteotan Ipar Koreak sei aldiz deklaratu du armistizioaren amaiera.
Hori ez da egia, lehenbiziko aldia da halako deklarazio bat egin dela. Hain zuzen, horregatik dago mundu guztia Korean gertatuko denaz interesatuta. Erantzun sendoa da, eta, kasu honetan nahiko atzeraezina, erabat ez errateagatik. Oroitarazi beharra da 1990. hamarkadan, Bill Clintonek [AEBetako presidenteak] eraso prebentibo bat egiteko asmoa erakutsi zuenean Ipar Koreak Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Hitzarmena utzi zuela, eta dagoeneko energia nuklearra helburu militarrekin garatu duela, beti ere disuasiorako. Sei aldeko elkarrizketetan hori erran zitzaien AEBei: zuek bakea sinatzen baduzue eta Hego Koreatik erretiratzen bazarete, guk ez ditugu arma nuklearrak beharko. Baina berme bat behar dugu jakiteko ez gaituzuela inbadituko. Beti baztertu dute hori, beraz, badakigu Afganistan, Irak eta Libia bezala, Korean sartu nahi dutela.
Baina AEBek diote erretiratuko balira, hegoaldeak iparraldearen inbasio bat saihesteko «aterkia» galduko lukeela.
Ba eman diezaiotela aterki hori Hego Koreako armadari berari. Oroitu dezagun armistizioa Ipar Koreak eta AEBek sinatu zutela, ez Hego Koreak. Hego Korea txotxongilo bat da, ez da burujabea. AEBek baseak dituzte han, eta tropek pribilejioak dauzkate. Mafiak bezala jokatzen dute: ez dituzte soilik haien tropak Hego Korean ezartzen, baizik-eta hegokorearrek zergetatik ordaindu behar dituzte amerikarren base guztiak eta ofizialen soldatak. Halako interesa badute, eman diezazkiotela arma nuklearrak Hego Koreari, eta joan daitezela etxera.
Hego Korearekiko harreman oro ere eten ditu Piongiangek, justu Seulen gobernua aldatu denean. Ez al da erantzun azkarregia izan?
Park Geun-hye presidenteari adi geunden, kanpainan hitz eman baitzuen iparraldearekiko harremanetan aldaketa bat eraginen zuela. Baina oraindik ez da gobernua eratzeko gai izan, babes nahikoa aurkitzen ez duelako, eta, gainera, AEBen presiopean dago oraindik. Parkek hagitz indartsua izan beharko luke AEBak alde batera uzteko. Gertatuko da? Ikusiko dugu, baina oraingoz ariketa militarrekin erakutsi du AEBak oraindik probokatzen ari direla eta herrialdea ataka estuan uzten.
Gehiegi arriskatzen ari da.
Txinak ere onartu ditu Segurtasun Kontseiluaren zigorrak. Eraginik utzi du horrek Pekinekiko harremanean?
Ez da berria. Horrek erakusten duena da Txinak bere interesak zaintzen dituela. Txina globalizazioaren parte da, erabat kapitalista da eta AEBekin merkataritza truke handia dauka. Beraz, dirua interesatzen zaio. Alde anitzetara jokatzen du, Ipar Korearekin ere diplomazia mantendu nahi duelako, bizilagunak baikara. Interes egoista eta apolitikoa du.
Ipar Koreak Txinarekiko dependentzia dauka?
Inondik ere. Hala balitz, Ipar Korea kapitalista zatekeen. Deng Xiaoping bera saiatu zen gure presidente Kim Il-sung eta gure lider Kim Jong-il konbentzitzen Txinak hartutako neurri bertsuak har zitzaten. Hori gure jatorriko ideiei uko egitea litzateke, non herriak behar duen produkzio baliabideen jabe. Eta gaur egun herrialde bat badago aberatsen eta miserableen banaketa ordezkatzen duena, hori Txina da.
www.berria.info